XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta zer zati ederra, eta zoin arina, Amikuze! Zola batzuetan herri andana bat beren etxe xuri bilduekin, eliza orotarik agerian, lurrak hurbil; gainetan, mahasti zahar batzu, hostoak iguzkiak erreak, azpitik belartsu mulkoak oso eta beltz, ontzen ari oraino, eta ja Lapurdin perderik bilduak!.

Bada landa ederrik, bai eta oihana frango.

Bakarrik, pentzeak iduritu zauzkit mehexko eta guneka larrutuak: ezagun dute engrais chimiques horiek bortxatzen dituztela apur bat.

Lukuze bere gazteluaren inguruan biribil, Garroze bixkar batean iduri zernahi, eta huna nun giren, patar izigarri baten zolan, Dona-Paleon.

Berehala galdeka abiatzen gira ostatu on bat nun zitaken.

Gizon batek irri batekin erranik: " Zoazte Hôtel des Voyageurs, Hazpandarrak han dira jeusten; barnea piztu bezala zaukun, eta ez ginuen egin gehiagoko harat-hunatik....

Ja behor gazten primak hasiak ziren.

Bazen kabala lerden eta finik, bainan gutiño; eta espantagarririk bihi bat.

Joan ginen, hiria behar ginuela apur bat ikusi.

Oren laurden baten lana, bainan hirietako zer guziak badira: etxe moda zaharreko eta aberats, botiga eder, kafe nasai eta garbi, paseatzeko arbola azpiak izen handi batzuekin, ostatu, lantegi, burdin-bide, ur handia mekanikazko eihera azkar batzuekin, bai eta ere, frantsesak erraiten duen bezala, des monuments.

Hotarik lehena presondegia, leiho begi ttipi batzuekin eta murritx, eta nola zaindua!.

Gero, tribunala, kapera handi bat duela iduri, beihala eliza izana, holetan; eta azkenik, lehenik izendatu behar nuena, St. Jaymeren trinketa.

Ikusgarria zela bertzalde eliza bera aditurik, ez ginuen bizkitartean deusik han ikusi, ikusi nahi ez ginuena baizik: aldare aitzin eta gain bat dena potret, lore eta zirrimarra, zer nahi koloretakoak, itsutu nahi zituztela, hainbertzek, eta halako tindu saminez eginik; bazterretako alkiak hargatik aipagarri dira, zeren izanak diren lantuak jakitate bezenbat gosturekin.

Bainan ez zen heier beha egoiteko ordua.

Karriketan burrunba bat altxatua zen, jendeak heldu burrustaka xoko guzietarik:.